XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arantzazu'tik DONOSTIA'KO ERROMESAK

Atzo arratsaldean, Asteasu ta inguruetako erromesak iru ta erdiak inguruan Benedicta ta azken-agurra ospatu ondoren eta Aita Leon Madariaga'k egin zien itzaldi ederrean Maria gure bizitza, gozotasuna ta itxaropena degula ikasiaz, bazijoazen bidean bera pozez kantari.

Ta aien ondoren, Antonio Donearen bederatziurrena emengo este eleizan euskal-abesti ta guzti eginda baita Zarauz'ko abeslari taldea ere.

Donostiarrak laister etorriko ote zaizkigu? galdetzen genion alkarri, piska bat egurasteko asmoz atera-ta, alkarizketa atsegiñean ari giñala.

Ta bat-batean, ara banaka batzuk agirian.

Ta aien atzetik geiago ta geiago.

Goazen ainbat laisterren eleiz-sarrera uts egin ez dezagun.

Eldu giñaneko, an zeuden mirabe neskatillak bide-ertzeko zabal-une jakiñean, erromesai eliz-sarrerako kandelak eskeintzeko gertu.

Bazetozen donostiarrak, kandela piztuak eskuan, arako Efeso'ko Eleiz-Batzar ospatsuan aintziñako kristauak bezela-auxe gogoarazi zien beintzat ongi-etorrian Aita Sagues'ek eta txukun adierazi ere, baserritarrok berotasun geiago nai izaten badegu ere, Donostia'ko kaletarrentzat egoki baitzan urteroko sarrera eresia abestuaz eta bein eleizara ezkero, Aita Donostiren abesti ezaguna.

Benedictan Aita Zelaia'ren fabordoi mamitsuak eta Orlando Lasso'ren Salve entzutetsua abestu zituan Arantzazu'ko abesbatzak.

Arantzazuko abestuaz bukatu zan arratsaldeko eleizkizuna, Burgos'ko Gon-gotzai jaunaren bedeinkazioa artu ondoren.

Bederatzi ta erdietan berriz kanpaiotsa! Bai, aurreko egunean etorri oi diran erromesak Ordu Santua egiten dute Arantzazu'n amarretatik amaiketara: argatik izan zan gaueko bederatzi ta erdietako kanpai-ots penitentzi-usaiduna.

Aintziñako erromesen gau ariketa aien ondakin au gure Andre Maria'ri nola etzaio atsegin izango? Loiola'ko Iñazio ere ez al zan olako gau gogoangarri baten Arantzazu'ko eleizan sartu egin?.

Argitu zan azkenean 1936'ko garagarrillaren 6'garren eguna! 50 urte lenago euskal-semeak ain biotz pozez eta begi argiz agurtu zuten eguna ta gaur aiekiko gogo-batasunean onen aundikiro ospatu bear genduana! Bide zabalaren alde batetik bestera leiotik leiora tramankulu bat zintzillika jarrita agiri zan, erderaz ta euskeraz itz auek zeramazkiala: Arantzazu'ko Prantziskotarrak euskal-erromes arantzazuzaleai: Pake ta Zorion.

Gaiñean Arantzazu'ko ikurdia, ta alderdi bietan Pranziskotarrena ta Gipuzkoa'koa.

Zortziretan alkartasunezko jaunartzedun meza izan da, Pelusio'ko Gon-gotzai jauna mezagille ta Aita Egiluz Euskal Pranziskotar guztien nagusia itzaldigille zirala.

Amarretan Meza nagusi ederra izan da, Burgos'ko Gon-gotzai jauna mezagille, koruan Tertia abestu ondoren, T. Pfeiffer'en Fest-Messe durunditsua kantatu dute Arantzazu'ko abeslariak.

Qui tollis ura batez ere edonori biotza iraultzeko egokia, alegia.

Txopitea apaiz jaunaren itzaldia ere bikaiña izan da: Arantzazu'ra datozenai Excelsior gorago igotzeko esaten zaiela ta Ama Birjiñaren eskuetatik artzen duten eukaristia-ogiaren bitartez ori egin dezaketela.

Anima ikutzekoak izan dira 50 urte lenago ordu artantxe gertatu zan Koroazioa gogoarazi diguneko itzak.

Irurrenean Rachmanionff'en Ave Maria goxo biguiña abestu-da.

Prantziskotarrak Donostia'ko Atotxan daukaten kristau-ikasbideko ume-talde aundi bat ere etorri da amabiak inguruan, Ama Birjiñaren aurrean meza entzun ta berari biotzak eskeintzeko asmotan.

Arantzazu'ko Andre Mari gure Zaindariak bedeinka ditzala ume ta irakasle ta gaiñerako erromes zintzo leial guztiak.

Aritzondo.